Bizantziar Inperioa


Bizantziar Inperioa 550ean. Justinianoren konkistak berdez agertzen dira

Bizantziar Inperioa lehen urteetan Ekialdeko Erromatar Inperioa, Erdi Aroko inperio kristaua izan zen, greziar edo heleniar kulturakoa. Hiriburua Konstantinopolis zen, Bizantzio ere deitua (gaur egungo Istanbul).

Inperio honen sorrera Erromatar Inperioaren gainbeherari hertsiki lotua dago. Hasiera batean Ekialdeko Mediterranear itsaso inguruko lurraldeak barne hartzen bazituen ere, lurralde eremuak galtzen joan zen gutxinaka.

Inperioaren sorrera

Inperio honen sorrera urteari dagokionez, ez da adostasunik historialarien artean. Egile batzuentzat, Konstantinopolis hiriaren fundazioarekin (aintzinako Bizantzio hiriaren birfundazioa litzatekeena), 330an, hasten da; beste batzuentzat, aldiz, Teodosio I.goaren heriotza izan behar da kontuan (395. urtea). 395ean, hain zuzen, Inperio Erromatarra bi zatitan banatu baitzen: mendebaldea eta ekialdea (azken hau genuke Bizantziar Inperioa). Historialarien hirugarren korronte batek, bere aldetik, inperioaren sorrera data 476an jartzen du, noiz Mendebaldeko azken enperadore erromatarra (Romulo Augustulo) boteretik kendu baitzuten. Azken data hontatik aurrera Bizantziar Inperio terminoa erabili ohi da gehienbat ordurarteko inperioari Ekialdeko Inperio Erromatar deritzaiolarik. Egia esan klasifikazio historiografiko honek Europa mendebaldeko ikuspuntua azaltzen du Bizantziarrek inperioa desagertu zenerarte heuren burua erromatartzat baitzuten eta haientzat inperioa Inperio Erromatarra litzateke beraz Inperio Erromatar edota Azken Inperio Erromatar terminoak ere erabil litezke.

Inperioaren amaiera

Inperiaren sorrera baino askoz argiago dago inperioaren akabera. Azken urteetako Inperio Bizantziarrak lehen urteetakoarekin zerikusirik ez bazuen ere Bizantziar Inperiaren gainbehera 1453an gertatu zela ametitzen da, Konstantinopolis otomandarrek eskuratu zutenean. Hala ere, inperio honen sentimendu nazionalak ez ziren desagertu, gaur egungo Greziako biztanleek euren burua tradizio bizantziarraren jarraitzaile gisa ikusten baitute.

Inperioaren lorpenak

Bizantziar Inperioa Behe Erdi Aroko estatu kristau egonkor eta boteretsuena izan zen etengabeko gudek txikitu eta desagertarazi zutelarik. Bizantzioren gainbehera eta gero Mendebaldeko Europan boteretsu ziren estatuetan Ekialdeko Inperioa lizun eta dekadentea zeneko ikuspuntua zabaldu zen, hogeigarren menderarte zuzentzerik izan ez den ikuspuntua.

Ematen diogun izena ematen diogula ere aintzinako inperio hau erabakiorra izan zen iritsi zaigun jakituria klasiko eskasa gorde eta eroateko bai eta lehen urteetako kristautasuna batu eta moldatzeko. Mendebaldeko Inperio Erromatarra suntsitu zuten herri germaniar eta eslabiar guztiekin lehiatu zen, Ostrogodo, Bisigodo, Bandalo, Alaniar, Abaro, Eslabiar, Bulgariar eta beste hainbesterekin. Atila eta bere Hunoen sarraskiak jasan zituen, azken Pertsiar Inperioen kolpe eta etengabeko jipoiak. Islama azaldu eta munduan zehar barreiatu zenean ezin izan zuten ez Arabiar, ez Turkiar, ez beste hainbestek fede berria bosforotik haratago barreiatu inperioa amaitu zen artean. Bizantziar Inperioan sortu zen gaur egungo eliza ortodoxoa eta Konstantinopolisetik igaro ziren ekialde urruneko zeta eta espezieak. Genghis Khanen botereak ez zituen gainditu Konstantinopoliseko harresiak.







stock | retire | vm
Why are we here?
All text is available under the terms of the GNU Free Documentation License
This page is cache of Wikipedia. History